LHL erronkaren sorreran Euskal Herria Mendi Erronkaren antolaketan (eta are lasterketan ere) buru-belarri aritu izan diren bi kideren ideia eroa dago, Iraitz eta Iker. Koronabirusaren ondorioz 2021erako ez Leitzako Mendi Erronka aurreikusirik ez zegoenez, beren erronka pertsonala egitea bururatu zitzaien, eta, hala, Linza-Hiru Erregeen Mahaia-Leitza ibilbidea egitea erabaki zuten; hortik dator egitasmoaren izena, LHL erronka. 150 kilometro inguru, 6.000 metroko desnibela, 24 ordu baino gehiago korrika; ez da erronka makala, gero!

Behin esfortzua egiten hasita, ordea, erronka solidario bihurtzeko ideia hasi ziren mamitzen; izan ere, badira erronka solidarioen adibideak han-hemenka. Esaterako, Aritz Egea korrikalariak Eguzkiak iraun bitartean egitasmoan bi gaixotasunen alde jardun zuen lasterka, edo Aritz Ganboa artzainak Bideak-en bitartez landa eremu baten beharra aldarrikatu zuen. Eta zergatik ez izerdi tantak ikusgarritasuna aitortzea zor zaion zerbaiten alde isuri? 

Berehala, leitzar familia bat etorri zitzaien gogora. Udane izeneko alaba dute, eta munduan bost kasu soil baino ez dituen gaixotasuna du, horrek dakartzan zailtasun eta oztopo guztiekin. Aurten eskolan hasi da: gurpildun aulkian ekartzen dute gurasoek, eta agerian geratzen ari da gure herriak ez daudela egokituta bestelako mugikortasun eta errealitateak dituzten pertsonentzat. Hasiera batean ideia zen diru-bilketa egitea, tratamenduren bat edo gailuren bat eskuratzeko. Baina familiarekin hitz egin ondoren eta haiek hala eskatuta, gure asmoak beste norabide eta dimentsio bat hartu zituen: behar bereziak dituzten pertsonei bizitza errazteko ekarpenak egitea eta herritarrengan sentsibilizazioa areagotzeko kanpaina abian jartzea ekimen desberdinen bitartez. Finean, Leitza herri inklusiboagoa bilakatzea

Horrelaxe bilakatu da 2 pertsonaren ideia eroa, 6 familiaren ideia, eta ikusteke dago zenbat herritarren arteko elkarlana izatera iritsiko den.