Piktogramak, baina zertarako?
“Ezagutu zure herria piktogramekin” egitasmoa.

Otsailaren 27an, plazan bildu genituen umeak, eta, Kaxkabeltzako komertzioen zerrenda eta gainerakoena eskuan, komertzio edo establezimendu bakoitzari zegokion piktograma identifikatzen aritu ginen. Zertarako, ordea? Piktogramak benetako objektu edo lekuak irudi bidez identifikatzen laguntzen duten irudiak dira, eta, jatorriz autismoa duten pertsonei bizitza errazteko sortuak badira ere, oso baliagarri zaizkio hizkuntz gaitasun edo ezagutza zailtasunak dituen edonori. Jatorrizko ideia Ávilakoa da, eta ANA (Asociación Navarra de Autismo) elkarteak 2013an Iruñea piktogramez jantzi zuen; horretarako, Araasaac-en (Centro Aragonés para la Comunicación Aumentativa y Alternativa) piktogramez gain, Kukuxumusuren irudi bereizgarriak erabili zituzten, haiekin elkarlanean. ANAkoen bitartez lortuko ditugu Leitza irisgarriago egiteko beharko ditugun piktogramak; emaitza ikusteko desiatzen?