Hamaika zipriztin gehiago

ANTZERKI SOLIDARIO ESPAZIALA ETA FILM LABURRAK

Maiatzaren 15ean, emanaldi berezia izango da, Leitzako Herri Aretoan. Luzek antzezlan labur bat egingo du, bere lagunekin: ezin esan nor diren. Ondoren, Luzek duela urte batzuk egindako film laburrak izango dira ikusgai. Saio bat edo bi izanen dira: 17:00etan eta 19:00etan. Luzeren lagunak nor ote dira?

GOI MAILAKO KIROLA: HITZALDIA ETA MAHAI-INGURUA

Maiatzaren 21ean, 18:30ean, Goi Mailako kirolariak bilduko ditugu mahai-inguru batean, Joseba Urkiola kazetari leitzarrak gidatuta. Goi Mailako kirola izango dute hizpide, beti ere, inklusibitatearen begiradatik. Hitzordu garrantzitsua izanen da; ez galdu!

MURALA(K)

Inklusibitatearen mezua lau haizetara zabaltzeko, mural bat edo bi egitea darabilgu buruan. Baditugu bi horma begiz jota, eta haietan marrazkiren bat egiteko baimenak ere bidean ditugu. Auzolanean aritzea da gure asmoa. Parte hartu nahi?

DONIBANE IKASTETXEKOEN LANA

Iruñeko Donibane Ikastetxeko ikasleak herriaren erdiguneko errotondarako egitura bat prestatzen ari dira, haien irakasle den Aingeru Zabaletaren gidaritzapean. Proiektu hau sare sozialen bidez egiten ari denez biderik handiena, haietatik kanpo dabiltzanei keinu bat egitea da ideia.

LHL PROIEKTUAREN KANTA

La Jodedera talde kubatar-leitzarrak doinu bizi eta dantzagarria jarriko dio Xabat eta Joanes Illarregi leitzar bertsolariek idatzitako hitzei. Eskerrik asko denei proiektuarekin bat egiteagatik.